GaLan ikerketa-taldea 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen, Isabel Fernández de Castroren zuzendaritzapean, eta, harrezkero, hezkuntza-esparruan erabil daitezkeen baliabide informatikoak hobetzea eta malgutzea izan du ardatz. Irakaskuntzaren arloan, garrantzitsua da ikerketa-agenda une bakoitzean ezarritako hezkuntza-esparrura egokitzea, eta, gaur egun, adimen artifizialean oinarritutako hainbat bitarteko eta teknologia erabiltzearen garrantzia nabarmentzen da, ikaskuntza-prozesuen arrakasta bultzatzeko. Tresna egokiak diseinatzeko eta inplementatzeko, irakatsi eta ikasteko prozesuak aztertu behar dira, prozesu horiek erabiliko dituzten pertsona-taldeen ikuspegitik, batez ere ikasleak eta irakasleak.