GaLan ikerketa-taldea 90eko hamarkadan sortu zen, eta harrezkero hezkuntzaren arloan adimen artifizialeko teknikak eta tresna informatikoen aplikazioan dihardu. Beti teknologiaren bilakaerara eta aldaketa pedagogikoetara egokituz.
Gaur egun, hauek dira taldearen ikerketa-lerro nagusiak.
Hezkuntzarako eta ikerketarako gomendio-sistemak
Gomendio-sistemak egokiak izan daitezke bai ikaskuntza hobetzeko, ebaluazio-prozesuen definizioan eta irakaskuntza-diseinuaren sorkuntzan, bai ikerketa-lana errazteko. Hala ere, arazo handia dago horrelako sistemak ebaluatzeko orduan. Ildo horretan, hezkuntza- eta ikerketa-esparruetarako gomendio-sistemak garatzeaz gain, ikerketa-taldea hainbat ikuspegi erabiliz gomendio-sistemak ebaluatzeko aukera emango duen tresna bat definitzen ere ari da.
Hezkuntza-prozesuak hobetzea, ikaskuntzaren analitika integratuz
Lerro hau hezkuntza-prozesuen hainbat alderdi hobetzean oinarritzen da, hala nola ebaluazio-sistemak, ikasleak ikasketak bertan behera uzteko arriskuaren iragarpena edo irakaskuntza-diseinua, betiere sistema horiek erabiltzen dituzten erabiltzaile moten ikuspegitik, irakasleak eta ikasleak gehien bat. Horretarako, ikerketa-taldea ikaskuntzaren analisi-tekniketan, hezkuntza-informazioa trukatzeko estandarretan eta sistemen orkestrazioan oinarritzen da.
Hezkuntzako tresna informatikoen hobetzea, malgutzea eta aplikatzea
Aro digitalean, hezkuntza-teknologiak hezkuntza-prozesuen zati integral bihurtu dira. Hala ere, hezkuntza-teknologiaren erabilera hutsak ez du ezinbestean hezkuntza-prozesua hobetzea bermatzen. Ikerketa-lerro honetan, teknologia horiek egoera errealetan aplikatzen dira, nola hobetu eta optimizatu aztertuz. Hezkuntza berriztatzeko hainbat proiektu gauzatu dira, gradu-irakaskuntzari tresna informatikoak aplikatuz. Emaitzak eskuragarri daude Etengabeko Prestakuntzako Ebaluazioko Hezkuntza Berrikuntzako Talde Espezializatuaren orrian (https://www.ehu.eus/eu/web/eforja).
Lankidetzan edo elkarlanean ikasteko laguntza-tresnak
Ikaskuntza konbinatuko inguruneetan (blended learning) egiten diren jarduera asko, bai ikasgeletan bai ingurune birtualetan, taldean egiten dira. Lantalde horiek sortu eta kudeatzeak eragin zuzena izan dezake jardueraren garapenean nahiz ikaskuntza-prozesuan. Adimen artifizialak lan-taldeak modu eraginkorrean sortzen eta kudeatzen lagun dezake. Gainera, errealitate areagotuan oinarritutako elkarlaneko hezkuntza-baliabideak erabiltzeak prozesu horietan parte hartzeko ikasleen motibazioa areagotu dezake.